2009-01-03

MANKOMUNITATEKO AUTOBUSAK ETA BALUARTE  

0 comments


Iruñerriko Mankomunitateko autobusetako arrapalak inoiz ez dira oso ongi ibili, eta dirudienez, orain ere berdintsu jarraitzen dute. Azken bolada honetan, gutxiagotan erabiltzen dut zerbitzu hau beste arrazoi batzuengatik, baina begira ezazue zer gertatu zaidan bi aldiz azken hilabete hauetan.

Urri aldean, sartu nahi nuen 15. lineako autobus batean, baina arrapala ez zen atera. Arratsalde hartan bertan, Armada etorbidean erabili nahi nuen 4. lineako beste autobus bat Atarrabiara joateko, eta 4 autobus elkarren jarraian etorri zitzaizkidan arrapala atera ez zitzaizkiena. A zer-nolako zerbitzua eta puntualtasuna! Errealitatetik kanpo nengoela ematen zuen. Javier Torrensek agian pentsatuko du gutxitu fisikoen denborak gutxiago balio duela.

Eta 08-12-13an, Pio XII.a etorbidean 4. lineako autobus batean sartu nintzen; ongi ibili zen. Harrigarria! Ateak itxi eta busa abiatu egin zen, baina arrapala kanpoan geratuta (hori ez dakit teknikoki gerta litekeen, baina hala gertatu zen, eta ez da izan lehenengo aldia ikusi dudana). Arrapalak auto bat jo eta busa matxuratuta gelditu zen. Kanpora atera ninduten. Hurrengo bi autobusei ez zitzaien atera arrapala. Azken gidariak eskatu zidan itxoiteko, enpresak taxi egokitu bat bidaliko zidala. Taxia ez zen iritsi. Hurrengo autobuseko txoferrak agindu zidan barrura sartzeko, antza denez, une horretan ezinezkoa baitzen taxi egokitua lortzea; zur eta lur gelditu nintzen. A zer eraginkortasuna! 24 taxi egokiturik Iruñerrian eta bakar bat ere etorri ez! Egun berean jakin nuen Nafarroako Gobernuak ez diela uzten kobratzen taxilariei, abiapuntutik bezeroa hartu arte. Hori dela-eta, gidariak oso haserre omen daude eta urrutiko zerbitzuak ez omen dituzte egiten; ez nau batere harritzen!

Istorioaren bukaera: azkenean, iritsi nintzen Baluarte parera, Armada etorbidean. Eskailerak daude. Gurpil-aulkian sartzeko, igogailua erabili beharra dago. Laguntza eskatu eta pertsona batek hiru aldiz jo zuen txirrina nire ordez. Inork ez zuen erantzun. Baluarteko eraikin osoa inguratu eta azkenik, barrura! Emaitza: batzarrera iritsi nintzen behar baino 30 minutu beranduago.

Bukatu baino lehen, irakurleari gogorarazi nahi diot, orain dela hiru bat urte Mankomunitateari egin nizkiola ia-ia 200 kexa idatziz, Lehendakariari eta Montañesako arduradunari. Eta Baluarteko gerente jaunarekin ere beste bizpahiru aldiz izan nintzen, espresuki igogailuaren gaia tratatzeko. Ikusten denez, gauzak lehengo egoera bertsuan daude, edo okerrago; bikain goaz!

Gorago esan dudana, praktikan argi eta garbi dago gutxitu fisikoen denborak gutxiago balio duela Administrazioko gestore askorentzat, eta, gainera, gu elbarriok, jakina, ez gara hozten, ez haserretzen, ez bustitzen, ezta deus ere! Bizitza arrunt ederra da, noski!

Xanti Begiristain Madotz. Iruñea, 09-01-03






Erlazionatutako Postak



Post a Comment