2008-06-13

Larreko Saria. Xanti Begiristain  

0 comments


ESKERRIK ASKO DENEI


Ekainaren bostean Larreko saria jaso nuen Zaldi Zuria ostatuan. Oso egun handi eta gogoangarria izan zen niretzat. Bertan egon zirenei jakinarazi nahi diet, han etxean bezala sentitu nintzela: estimatua, onartua, babestua, arropatua, baloratua, maitatua, ongi, eta ez dakit zenbat gauza gehiago. Nire pertsonarentzat benetako ohorea, pribilegioa eta ondra izan zen. Bizitzen jarraitzeko gogoa pizten duen egun horietako bat gertatu zitzaidan. Pozik, gustura, alai eta zoriontsu egon nintzen.

Jende asko bertaratu zen ekitaldira. Beste lagun askok deitu zidaten esateko atsegin handiz joanen zirela, baina dena delako konpromisoarengatik ez zutela joaterik eta gogotik sentitzen zutela. Ekitaldia bukatutakoan, hau da, azken egun hauetan ere, oraindik jasotzen ari naiz pertsona batzuen deiak, zorionak emateko.

Hartu nituen opari guztiak, merezimendu handirik gabe nire aldetik, egia esanda, aitortu beharra daukat oso kutunak izan zirela; atseginak, gogoangarriak, bihotz ondokoak… eta hortxe gordeko ditut beti, bihotzean, alegia.

Penatxo bat izan nuen, hots, denekin denbora luzeagoan ezin egona, normala den bezala, baina lasai, bizi baldin bagara, aurrerago ere izanen dugu-eta aukera luzaroago eta lasaiago elkarrekin egoteko.

Hemen ez dut izenik jarriko, denak ez direlako sartzen, baina bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkiet denei: antolatzaileei, aukeratu nindutenei, bertan parte hartu zutenei, bertaratzerik izan ez zutenei, telefonoz deitu didaten guztiei, lagundu didatenei eta ahaztu ahal izan dudan orori. Mila esker!

Zaldi Zuria ostatuan esan nuen bezala, zorretan gelditu naiz guztiekin. Eskerrik asko eta beti arte!


Xanti Begiristain Madotz. Iruñea, 08-06-10.

Erlazionatutako Postak



Post a Comment