2008-12-04

MIKEL LABOA  

0 comments

Kaixo, Mikel. Iruñeko Gaiarre antzokian, lehen kontzertua eman zenuen urtean jaio nintzen. Geroago hasi nintzen ezagutzen zure abestiak. Gehienak oso-oso gustukoak ditut, eta Lekeitioak ez baldin bazaizkit gertatzen horren atseginak ere, aitortzen dut zure ausardi handia tankera horretako esperimentazioak egiteagatik.

Bizitzan zehar zorte ona izan dut, zure kontzertuetan zenbait aldiz egon ahal izateko. Hala eta guztiz ere, behin ere ez dut aukerarik izan zurekin hitz egiteko, harik eta orain dela bi urteko udan, Ondarretako hondartzan niregandik hurbil samar izan zinen arte. Aitzitik, egun hartan ere ustel atera zitzaidan, ni motza eta lotsatia izateagatik. Alegia, beste hiru pertsonarekin joana nintzen hondartza barruraino gurpil-aulkian, zurezko pasabide haietako bukaeraraino. Momentu jakin batean hirurak joan ziren bainatzera edo hondarrean barna paseatzera. Ni bakarrik gelditu nintzen liburu baten konpainian.

Halako batean, ikusi zintudan etortzen eta hurbiltzen. Niregandik 15 bat metrotara gelditu zinen. Arropa aldatu eta bainu bat hartzera joan zinen. Handik minutu batzuetara itzuli, lehortu, kaleko arropak berriz jantzi eta berriro kanporantz joan zinen. Ni denbora guztian erne egon nintzen ea momenturen batean begiratzen ote zenuen niregana, keinuren bat egiteko, baina gure begiradak ez ziren gurutzatu. Esan bezala, jende artean ez nintzen ausartu zuri deitzera ozenki. Bestalde, ni bakarrik ezin nintzen mugitu hondarraren gainean zuregana joateko, eta nire moztasunean ere ez zitzaidan bururatu laguntza eskatzea norbaiti, diskrezioz zuri deitzeko, bi hitz egiteko. Kontua da poliki-poliki, etorri bezala ikusi zintudala joaten eta niregandik urruntzen.

Huraxe izan zen ukan dudan aukera bakarra zurekin mintzatzeko, baina modu tentel hartan galdu nuen nire erruagatik. Harrezkero arantzatxo hura gelditu zitzaidan sartua. Ateratzeko, Mikel, hemendik aurrera beste hautabiderik ez dut, zure abesti ederrak entzun eta kantatzea baizik.

Mila esker, Mikel, Euskal Herriari egin diozun ekarpen bikainarengatik. Beti arte, Lili eder hori!


Xanti Begiristain Madotz. Iruñea, 08-12-03.


Erlazionatutako Postak



0 comments: a “ MIKEL LABOA

Post a Comment