2008-10-24

ELKARTASUNA-ETORKIZUNA 2008 ZUBEROAN  

0 comments



Hitz biribilak eta politak dira, baina baita beharrezkoak ere Herri zahar honen etorkizunean pentsatzen dugunontzat.

Bidasoan, Luzaiden edo Pirinioan ezarri diguten muga apurtzen saiatu behar dugu. Baina badakigu muga horiek ez direla fisikoak bakarrik, jendeon buruan ere hor diraute beti bezain sendo.

Usurbilen abiatu ginen orain dela sei urte taldetxo bat helburu bonekin: Euskal Herriko zazpi lurraldeetako kultur talde bana ekarri nahi genuen lehen Elkartasuna-Etorkizuna jai egunera Euskal Herriaren eta bere hizkuntzaren batasuna aldarrikatzeko eta haruntza bildutako jendeek egun eder eta alai bat pasatzeko, bazkari on eta guzti, horren festa egiteaz gain harremanak estutzeko balio duelakoan. Orduan batu ginen taldeak ginen Tuterako Beterri elkartea.
Urdiñarbeko Bilxoküa, Arabako Añana Euskara Mingainean, Basauriko Sustraiak, Baigorriko Basaizea eta Usurbilgo Nafartarrak elkartea. Geroztik elkartu zaigu Orreaga elkartea eta Hazparneko Kaxkarrotak.

Ondorengo urtetarako planteatu genuen Elkartasuna-Etorkizuna hau zazpi lurralde horietako batean ospatzea urtero, txandaka. Hasieratik oso garbi geneukan Euskal Herriko edozein bazterretako herritarrentzako eskaini nahi dugun jai bat izan behar duela, jai egun ireki eta zabala. Bagenekien ez zela erraza izango baina Nafarroako Hego muturretik hasi, eta Araba, Bizkaia, Lapurdi eta Baxenafarroan barrena Zuberoaraino iritsi gara gure mezuarekin.

2008an urriaren 25ean elkartuko gara Zuberoako Maulen eta Urdiñarben Elkartasuna-Etorkizunaren zazpigarren edizioan. Eguna hasteko kale-jira egingo dugu Zuberoako hiriburuko karriketatik. Gero Urdiñarbera joanik, han bazkalduko dugu eta ekitaldia ere bertan izanen da.
Espainiera eta Frantsesa nagusi diren herri eta jende ezberdinen egoeretatik abiatuta, Euskal Herriaren osotasunean eta euskararen bizi nahian sinesten dugun hainbat jendek elkargune gozoa aurkitu dugu festa honetan. Gure festa honetan orain arte euskara izan da hizkuntza nagusi eta ia bakarra, eta Maulen ere hala izango dela seguru gaude.

Gerta daiteke etorkizunean festa hau antolatuko den herri edo hiriren batean gaztelera edo frantsesak leku handiagoa behar izatea, baina orduan ere euskarak izan beharko du nagusitasun osoa.

Festa egiteko eguna antolatzen dugu Elkartasuna-Etorkizuna egunarekin, baina badakigu gure helburua ez dugula beteko jai horren mugetan ahitzen baldin bada parte hartzen dugun jende eta taldeen elkarlana. Hau gauzatzea urtean zehar denok egin beharreko lana izango da.
Elkartasuna-Etorkizuna. Iruñean. 2008-10-16.

ORREAGA FUNDAZIOA

2008-07-02

ON PEDRO ON EGIN  

0 comments


Pedro Pegenauteren garaia, garai latza izan zen Nafarroako euskaldunontzat. Euskarabidearen sortzea itxaropenez ikusi zuten euskaltzale asko eta asko, baina sortu zenetik urtea amaitu ez dela, institutu berriarena euskararen galbidea dirudi. Mikel Aranburuk berak azaldu digu zer dela eta dimititu behar izan duen. Aurrekoan esan genuen legez, aurrekontua izoztu eta murriztu da, eta etorkizunari begira, panorama ez da batere argia. Datozen hilabeteetan ikusi dugu norabidea zuzentzen duten edota okerbidean jarraitu, izan ere, jokoan dagoena ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Komunikabideen diru-laguntzak, inkesta soziolinguistikoa, administrazioko langileen euskalduntzea, martxa honetan ON PEDRO ON EGINEN DUTE.

2008-06-28

EUSKARABIDEA. JOSTAILU GARESTIA  

1 comments


Garestia ateratzen ari zaigu euskaldunoi Euskarabidearena. Murrizketaren ondoren, murrizketa. Gainera Mikel Aranbururen dimisioa eskatu du Xabier Azanzak.

Euskarabidea sosik eta jenderik gabe gelditzen ari omen da; gastu murrizketak bete betean harrapatuko du Euskarabidea; Ze Berri aldizkaria arriskuan dago; Komunikabideendako dirulaguntzak... programa gehienak. Hezkuntzan %3ko gastu murrizketa izanen da eta Euskarabidean gutxienez % 25ekoa.

2008-06-21

Iruñea Kantuz  

1 comments



Sanferminen aurreko azken Iruñea kantuz uztailaren 5ean ospatuko dute. Betiko orduan eta betiko tokitik abiatuko da. Ongi pasa. Argibide gehiago nahi izanez gero karrikirri elkartean atendituko zaituzte. Bezperaren bezperan elkartuko garelakoan

2008-06-18

Euskara eta Gazteak, harreman gazi-gozoa  

0 comments



Horixe adierazten baitute datuok, Gazteek duela hamabost urte baino gutxiago hitz egiten dute euskara. Ezagutu bai, baina erabili, oso gutxi erabiltzen dute, eta maiz inorengandik ezberdintze aldera. Gogoan ditut, begirale lanetan ibili nintzeneko garaiak, tematzen ginen gazteekin euskaraz egin zezaten, eta hara non konponbidea Madrildik ailegatu zitzaigun. ziren aterpetxera iritsi zirenak, eta horiek ailegatu bezain pronto euskaraz hasi zitzaizkigun gazteak. Bai instrumentala da euskararen erabilera.
El buclek, erran nahi baita el bulek egin du bere lana.

2008-06-13

Larreko Saria. Xanti Begiristain  

0 comments


ESKERRIK ASKO DENEI


Ekainaren bostean Larreko saria jaso nuen Zaldi Zuria ostatuan. Oso egun handi eta gogoangarria izan zen niretzat. Bertan egon zirenei jakinarazi nahi diet, han etxean bezala sentitu nintzela: estimatua, onartua, babestua, arropatua, baloratua, maitatua, ongi, eta ez dakit zenbat gauza gehiago. Nire pertsonarentzat benetako ohorea, pribilegioa eta ondra izan zen. Bizitzen jarraitzeko gogoa pizten duen egun horietako bat gertatu zitzaidan. Pozik, gustura, alai eta zoriontsu egon nintzen.

Jende asko bertaratu zen ekitaldira. Beste lagun askok deitu zidaten esateko atsegin handiz joanen zirela, baina dena delako konpromisoarengatik ez zutela joaterik eta gogotik sentitzen zutela. Ekitaldia bukatutakoan, hau da, azken egun hauetan ere, oraindik jasotzen ari naiz pertsona batzuen deiak, zorionak emateko.

Hartu nituen opari guztiak, merezimendu handirik gabe nire aldetik, egia esanda, aitortu beharra daukat oso kutunak izan zirela; atseginak, gogoangarriak, bihotz ondokoak… eta hortxe gordeko ditut beti, bihotzean, alegia.

Penatxo bat izan nuen, hots, denekin denbora luzeagoan ezin egona, normala den bezala, baina lasai, bizi baldin bagara, aurrerago ere izanen dugu-eta aukera luzaroago eta lasaiago elkarrekin egoteko.

Hemen ez dut izenik jarriko, denak ez direlako sartzen, baina bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkiet denei: antolatzaileei, aukeratu nindutenei, bertan parte hartu zutenei, bertaratzerik izan ez zutenei, telefonoz deitu didaten guztiei, lagundu didatenei eta ahaztu ahal izan dudan orori. Mila esker!

Zaldi Zuria ostatuan esan nuen bezala, zorretan gelditu naiz guztiekin. Eskerrik asko eta beti arte!


Xanti Begiristain Madotz. Iruñea, 08-06-10.

2008-06-06

LARREKO SARIA 08  

1 comments


EGIN CLICK IRUDIAN


Giro aparta Larreko sariaren banaketa ekitaldian. Xanti Begiristain beti bezain zirtolari. Mikel Bujandak ez zuen aukerarik galde eta udazkenean mustu beharreko dantza iragarri zigun, Lizentzia Dantza agindu zigun aurtengo udazkenerako. Xabier Azanza aurrez-aurre zeukan, azantza aditzeko modukoa izan zen. Euskalerria Irratiko langile, kolaboratzaile, bazkide eta hurbildu zen oro, hamaikagarrenez frogatu zuen Iruñeak ezin duela negua gainetik kendu.
Irudian klik egin eta irudi apartak ikusiko dituzue.