2008-11-07

KRISTOBAL ULAZIA EUSKALDUNA.  

0 comments

Kristobal, gaur, 08-11-03an, zu maite zintuen beste jende askorekin batera, izan naiz Ermitagañako elizan zure hileta-elizkizunean. Zure seniderik maiteenak eta Larraun, Lekunberri eta Iruñerriko lagun ugari izan gara.

Maite emaztea eta bi seme-alabak euskaldunak dituzu. Zurekin eta beraiekin beti mintzatu izan naiz euskaraz. Gaurko elizkizunean Aita gurea, Agur Jesusen ama, Txoria txori (Hegoak ebaki…) eta beste kanta bat abestu dizkizugu euskaraz; beste batzuk erdaraz izan dira. Txistulari batek Agur jaunak ere goxoki jo dizu. Beraz, horiek guztiak oso ongi egon dira; bikain. Baina, gauza batek gogotik tristatu nau, Kristobal, apezek meza osoan ez baitute esaldi bakar bat ere esan euskaraz, zure ohorez, zurekiko enpatiaz.

Niretzat pena handia izan da, zuk eman duzun erakusbidea eman ondoren. Gogoratzen dut, oso aspaldian, jadanik gaixotasunak ia-ia erabat galarazten zizunean hitz egitea, hala ere, saiatzen zinen euskaraz mintzatzen. Badakit apez horiek ez zutela asmo txarrez eginen, baina, hala eta guztiz ere, askotan harrituta gelditzen naiz apez batzuekin, ikustean zeinen gutxi praktikatzen duten predikatzen duten hura, alegia, lagundu behar zaiola behartsuenari, eta hizkuntza gaietan ez dago zalantzarik txikiena ere, Euskal Herri osoko eta bertako hizkuntzarik behartsuena euskara dela.

Eskerrik asko, Kristobal, eman diguzun adibide onarengatik eta utzi dizkiguzun emazte eta seme-alaba bikainengatik. Nahiago nuke, zuk Albiasuko muinoetatik guri laguntzen jarraituko bazenu. Beti arte, Kristobal.


Xanti Begiristain Madotz. Iruñea, 08-11-03.

Erlazionatutako Postak



Post a Comment