2008-12-19

EUSKADI ETA EUSKAL HERRIA  

0 comments


Ez naiz futbol zalea. Ziur aski, ikusi nuen azken partida izanen da orain dela 35 bat urte. Dena dela, seguru nago Euskal Herriak izanen balu bere berezko selekzioa, orduan jarriko nukeela arreta gehixeago.

Harrituta eta nazkatu samarturik nago entzuten azken egun hauetan, batez ere, EAJko jendeari, beraiei berdin-berdin zaiela Euskadi eta Euskal Herria hitzak. Gauza bera dela, alegia, esanahi berbera dutela. Horrela baldin bada, zergatik ez dute onartzen inolako eragozpenik gabe Euskal Herria hitza?

Argi dago Sabino Arana Goirik Euzkadi (Euskadi) hitza asmatu zuenean, bere barruan zazpi probintziak hartzen zituela, baina gaur egun hori ez dago hain garbi, edozein hiztegi eta entziklopediatan begiratzea baino ez dago.

Beste alde batetik, bitxi samarra gertatzen da ikustea Miren Azkarate andreak nola lehenesten duen Euskadi hitza Euskal Herria hitzaren aurrean. Ez al da, ba, bera euskaltzain osoa? Nahi duenak ikus dezala zein den Euskaltzaindiaren 139. araua. 1564 urtearen inguruan jadanik agertzen zaigu dokumentatuta Euskal Herria hitza, Joan Perez de Lazarraga arabarren idazkietan. Gero esaten digute Euskadi eleak tradizio oso luzea duela. Miren Azkarate bezalako euskaltzain oso batek ez ote lioke eman beharko garrantzi handiagorik berak onartutako Euskaltzaindiaren arau bati?

Dena den, eta bukatze aldera, Nafarroa Garaitik Arabara sartzerakoan, Ziordia herria atzean utzita, aspalditik ikusten da idazkun erraldoi bat jartzen duena EUSKADI/PAÍS VASCO. Horrekin zer ulertzen da? Ba, Nafarroa Garaia ez dela ez Euskadi, ez País Vasco, ez Euskal Herria, e.a. Eta idazkun hori ez du jarri ez UPNk, ez PPk, ez PSOEk, baizik eta Eusko Jaurlaritzak. Beste horrenbeste gertatzen da Nafarroa Garaia, Ipar Euskal Herria eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako mugetan ere.

Horrek guztiak laguntzen al du euskal futbolari orok talde bakar batean jokatzeko Eguberrietako partida “ospetsu” horretan? Nik benetan uste dut ezetz.

EAEko EAJko jendeari, batez ere politikariei, eskatuko nieke sosegu eta patxada pixka bat hausnartzeko, hemen ikusitakoa ikusi ondoren, ea ez ote zaien iruditzen minduta eta irainduta sentitzeko zio asko ditugula, Euskal Herri “ez ofizialean” bizi garenok, batere lotsarik gabe, behin eta berriz esaten digutenean beraientzat berdin-berdinak direla Euskadi eta Euskal Herria hitzak. Niretzat ez, behintzat!


Xanti Begiristain Madotz. Iruñea, 08-12-19.



2008-11-18

EUSKARA OFIZIALA  

0 comments

Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde!!!
Azaroak 22an MANIFESTAZIOA Iruñean, arratsaldeko 5etan, Golemetatik

IKUSI BIDEOA:


2008-11-07

KRISTOBAL ULAZIA EUSKALDUNA.  

0 comments

Kristobal, gaur, 08-11-03an, zu maite zintuen beste jende askorekin batera, izan naiz Ermitagañako elizan zure hileta-elizkizunean. Zure seniderik maiteenak eta Larraun, Lekunberri eta Iruñerriko lagun ugari izan gara.

Maite emaztea eta bi seme-alabak euskaldunak dituzu. Zurekin eta beraiekin beti mintzatu izan naiz euskaraz. Gaurko elizkizunean Aita gurea, Agur Jesusen ama, Txoria txori (Hegoak ebaki…) eta beste kanta bat abestu dizkizugu euskaraz; beste batzuk erdaraz izan dira. Txistulari batek Agur jaunak ere goxoki jo dizu. Beraz, horiek guztiak oso ongi egon dira; bikain. Baina, gauza batek gogotik tristatu nau, Kristobal, apezek meza osoan ez baitute esaldi bakar bat ere esan euskaraz, zure ohorez, zurekiko enpatiaz.

Niretzat pena handia izan da, zuk eman duzun erakusbidea eman ondoren. Gogoratzen dut, oso aspaldian, jadanik gaixotasunak ia-ia erabat galarazten zizunean hitz egitea, hala ere, saiatzen zinen euskaraz mintzatzen. Badakit apez horiek ez zutela asmo txarrez eginen, baina, hala eta guztiz ere, askotan harrituta gelditzen naiz apez batzuekin, ikustean zeinen gutxi praktikatzen duten predikatzen duten hura, alegia, lagundu behar zaiola behartsuenari, eta hizkuntza gaietan ez dago zalantzarik txikiena ere, Euskal Herri osoko eta bertako hizkuntzarik behartsuena euskara dela.

Eskerrik asko, Kristobal, eman diguzun adibide onarengatik eta utzi dizkiguzun emazte eta seme-alaba bikainengatik. Nahiago nuke, zuk Albiasuko muinoetatik guri laguntzen jarraituko bazenu. Beti arte, Kristobal.


Xanti Begiristain Madotz. Iruñea, 08-11-03.

EUSKARA OFIZIALA ORAIN!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!  

0 comments


IRAKURRI ETA ZABALDU!! Egin click PDF

2008-05-31

Euskaraz  

0 comments

Orain ere ddun euskaraz